Ehun lagundik goiti batu dira ELA gaixoei babesa adierazteko
Ekainak 21a, ELA, alboko esklerosi amiotrofikoa gaixotasunaren nazioarteko eguna da. Eritasun neurodegeneratibo bat da. Nerbio sistemako zelulek lan egiteari uzten diote, eta gaixo dagoen pertsonaren muskuluak paralizatu egiten dira pixkanaka. ADELA Espainiako ELA gaixotasunaren elkarteak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 180 kasu daude.
Munduko ELA egunarekin bat egiteko, ehun lagundik goiti batu dira Irungo San Juan Harria Plazan. Bertan egon baita Xabier gaixoa. Hasiera batean, lagun gutxi batzuen konpainia espero zituen herriko etxeko argiztapenak berde kolorea hartzen ikusteko. Hala ere, hainbat sorpresako eguna izan da iruindarrarentzat. Senideek jende andana mugiarazi dute Xabierri babesa adierazteko. Hunkituta egon da batu diren ezagun guztiekin topatuta.
Elkarretaratzea txistu doinuekin hasi da. Ondoren, Tere emazteak hitza hartu du: “Guztiengatik doa. Soluzioa ikerketa eta zientziak garaturiko lanean dago, guztiok etorkizuna izan dezagun”. Hitzartzean gogoan izan ditu ELA gertutasunean izan duten senideak, “Lorentzoren familia, Martxeloren ama, Aliziaren ama, Kontxiren senideak, Yoli gaztea, besteak beste”. Alboko esklerosi amiotrofikoa ezezaguna baita gizartearen gehiengoarentzako, inguruko norbaitek gaitza izan arte.
Txalo zaparradarekin bukatu da bertaratzea eta Irungo Udalak berde kolorea hartu du, ekainak 21eko gauean, ELAk argia izan dezan.